| |
 |
Bilbo,
2003ko irailaren 24a
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak Euskal
Enplegu Zerbitzuaren eta azaroaren 13, 14 eta 15ean Bilbon izango
den Enpleguaren Azokaren logotipo berria aurkeztu du.
AZKARRAGAK DIO LANBIDEK ISLATZEN DUELA EUSKO JAURLARITZAK ENPLEGU EGONKOR
ETA KALITATEKOA SORTZEKO BIDETIK EGIN DUEN APUSTUA ETA AHALEGINA
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, Joseba Azkarragak,
gaur aurkeztu ditu Bilbon Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren
logotipo berria eta Enpleguaren Azokaren hurrengo edizioa; bere
hitzetan, Eusko Jaurlaritzak eta bere sailak “Lanbide,
funtsezko tresna berri” honen alde egin duen apustua bultzatzeko
baliagarri izango dira eta, aditzera eman zuenez, “Eusko
Jaurlaritzak enplegu egonkor eta kalitatekoa sortzearen alde egiten duen
apustuaren eta ahaleginaren adierazgarri den ezinbesteko erreferentzia
bilakatuko da”.
Azkarragak aurreratu zuenez, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua
izango da datorren azaroaren 13, 14 eta 15ean Bilboko Nazioarteko
Erakustazokan egingo den Enpleguaren Azokaren aurtengo edizioan
erreferentzia nagusia. Azokaren edizio honek, Prest – Prestakuntza
eta Enpleguaren Erakusketa (1998, 1999 eta 2001) izenez egin ziren aurreko
hiru edizioetan bildutako esperientzian sakondurik, helburutzat hartu
du bisitari bakoitzak bere lan-egoeraren arabera hobetzeko eta aurrera
egiteko gehien interesatzen zaizkion gaiak identifikatu ahal izateko
bideak jartzea eta bere kontsultak eta kudeaketak zein informazio-gunetara
zuzendu behar dituen jakiten laguntzea.
Azkarrak berrikuntza gisa azpimarratu zuen edizio honetan Azokan
bertan curriculum vitae-ak jasoko dituzten eta langileak bildu eta hautatuko
dituzten enpresak ere izango direla. Justizia, Lan eta Gizarte
Segurantza sailak eta Egailan Sozietate Publikoak, lehen aldiz topaketa
hau sustatu eta antolatu zutenek, alegia, edizio berri honetan Euskal
Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren enplegu eta prestakuntzarako produktu
eta zerbitzu guztiak, erabiltzaileari, bateraturik aurkeztu eta eskaintzen
dizkion Erakustaldi-motaren aldeko apustua egin dute.
Era berean, Enpleguaren Azokak ekimen eta ideia berriak dakartzan espazioa
zabaldu du, enpresari, enplegu eta prestakuntzako eragile, langabetu,
jardunean dauden langile, ikasle, prestatzaile, lan-orientatzaile eta
ikasleek, eta jendeak orokorrean, euren beharretarako irtenbideak aurki
ditzaten, nola informazioa eta lana bilatzeko garaian edo lan-merkatuak
gehien eskatzen dituen lanbide-profilak ezagutzerakoan, hala lanbiderako
edo etengabeko prestakuntzaren inguruko eskaintzak; enplegurako, enpresak
sortzeko eta teknologia berriak eskuratzeko laguntzen berri jakiteko
premia dutenean. Parte hartzeko den espazio ireki honetan, bisitariek
eta, jendeak orokorrean, zuzen-zuzenetik ezagutu ahal izango dituzte
euskal Administrazioaren programa berriak eta Enplegu eta Prestakuntzarako
politika-proposamenak. Azokan bertan izango dute langabeek lan-eskaintzetan
izena emateko aukera; eta EAEn eskaintzen den lanerako zein etengabeko
prestakuntza ere eskuragarri izateaz gain, interesgarri gertatzen zaizkien
arautu gabeko prestakuntza-ekintzetara ere jo dezakete.
Aurtengo edizioa ezartzean, enplegurako ibilbidearen kontzeptuari heldu
zaio. Azoka, hartara, Eusko Jaurlaritzak euskal herritarren eskueran
jartzen dituen enplegu eta prestakuntzarako zerbitzu guztiak bilduko
dituzten hiru eremutan banatu da. Hiru arlo horiek honakoak
dira: Informazio – Orientaziokoa, Prestakuntzakoa eta Enplegu-arloa.
Sailburuak aurreratu bezala, Enpleguaren Azokaren edizio berri honetan
bete nahi diren helburuak hauek dira:
|
| |
|
| |
| • |
Lan-eskatzaileei laguntza
eskaintzeko, langileen baldintzak hobetzeko eta lanpostu berrien
sorpena bultzatzeko nahiz orain direnei eusteko tresna, produktu
eta zerbitzu guztiak aurkeztu, horiei buruzko informazioa eman
eta bisitarien eskueran jartzea.
|
| • |
Gune irekia eta parte
hartzeko bidea eskaintzen duena sortzea, azaroaren 13,14 eta
15ean Bilboko Nazioarteko Erakustazokara etorriko diren guztiek
euren lan-egoera hobetzera eramango dituen kudeaketa-lana egin
ahal dezaten eta etengabeko prestakuntza eta ikaskuntzako eredu
berriak eskura izan ditzaten.
|
| • |
Enpresariak eta lana
eskatzen duten pertsonak harremanetan jartzea, lana aurkitzeko
edo gaur egungo lan-egoera hobetzeko.
|
| • |
Lan-merkatuaren gaur
egungo egoeraren eta komunikazio eta ezagutzaren gizarte honetan
izango duen bilakaeraren inguruan iritziak alderatzeko eta
eztabaidatzeko aukera sortzea.
|
|
| |
|
| |
Azokarekin batera, Jardunaldi Teknikoak
eta beste ekitaldi batzuk izango dira jarduera-aretoetan,
enpleguaren eta prestakuntzaren munduan izandako azken berrikuntzak
eta esperientziak aurkeztu eta adierazteko. Gainera, aurreko ediziotan
bezalaxe, hainbat ikastegi eta ikasle izango ditugu Erakustaldien
Arloan, prestakuntza-gai izan dituzten gaietako praktikak bertan
egiten.
Adierazi zuenez, aurreko Prest’2001 edizioan 30.000 pertsona inguru
izan ziren Azokan eta 2.000 baino gehiagok hartu zuten parte erakusketariek
antolatu zituzten 40ta ekitaldietan. Edizio honetan, Justizia, Lan eta
Gizarte Segurantza sailak emaitza on horiek gainditzeko asmoa du.
LANBIDE, APUSTU ESTRATEGIKOA
Enpleguaren Azoka, aurtengoan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailak,
2003-2006 Enplegu Planean bildu den bezalaxe, Lanbide enplegu-zerbitzu propio
gisa bultzatzeko egin duen apustu estrategikoaren barruan kokatu behar
da; horixe izango da Jaurlaritzak datozen 3 urteetan enplegu gaietan
aurrera eramango dituen ekintzetarako erreferentzia-esparrua.
Azkarragaren iritziz, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua sortu
izana funtsezkoa da Enplegu eta Prestakuntza gaietan euskal autogobernuari
behar duen bultzada emateko. “Ez bakarrik autogobernu handiagoak
ongizate handiagoa dakarrelako, baita ere enplegua -kalitateko enplegua,
batez ere- askoz ere hobeto sortzen delako arazoa, eta ondorioz, konponbidea,
hurbiletik eta benetan ezagututa.”
Enplegu gaietan egingo dena modu integratu, pertsonalizatu eta bereizian
kudeatuko duen tresna espezializatua da Lanbide. Sailburuak aditzera
eman zuenez, “Estatutua abian jarri zenetik 23 urte joan direnean,
2003-2006 Enplegu Plana eta honen oinarri nagusi den Lanbide, EAEn enplegu-politikak
autogobernu handiagoren ikuspegitik sakonki aztertu izanaren emaitza
dira”. “Euskal Enplegu Zerbitzua ez da gure arazo
guztiak konponduko dituen panazea, baina bada aintzat hartzeko eredu
egokia. Eredu honek, lehen aldiz antolatzen ditu enplegu gaietako politikan
ditugun baliabide guztiak eta pertsona –bezeroa-, irudi bakar eta
bereizian, jarduketa guztien ardatz nagusitzat harturik bideratzen ditu.
BULTZADA BERRIA
Azkarragak salatu egin zuen “gure autogobernuaren esparru
gutxiren eskumen-garapena izan dela Enplegu eta Gizarte Segurantzarena
bezain itxia Estatuaren aldetik. Eta hori nabari da gure egungo errealitatean,
ez lanpostuak sortzeko ahalmenean eragina duelako bakarrik, baita sortzen
den enplegu hori kalitatean eta egonkortasunean oinarritzeko aukerari
ere, eragiten dio.”
Edonola ere, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza saileko buruaren hitzetan, “horrek
ez du esan nahi gaur egun baditugun ahalmenen barruan aurrera egin eta
hobetu ezin dugunik”. Gogora ekarri zuen bere sailak,
izan ere, dagoeneko ematen dituela enpresentzako diru-laguntzak mugagabeko
kontratuak egiteagatik, eta laguntza horiek 2.400 eta 3.600 euro (400.000 – 600.000
pta) bitartekoak izanik, horien zenbatekoa kontratatzen den pertsonaren
ezaugarrien araberakoa dela: 45 urtetik gorakoa; epe luzeko langabea;
30 urtetik beherako gaztea; emakumea; famili ardurak dituen emakumea;
edo minusbaliotasuna duten pertsonak, kolektibo horiei ematen baitzaie
lehentasuna joan den uztailean Gobernu Kontseiluak onetsitako Enplegu
Planean. Azkarragak argitu zuenez, Programa horietan egindako
gastua 890.914,94 eurokoa izan zen 2002an, eta aurreratu zuen,
gainera, bere saileko apustu horretan enpresei mugagabeko kontratatuak
egiteagatik laguntza emateko ildo estrategikoa ahal den neurrian indartzea
aurreikusi dela.
Hala ere, sailburuak berak zehaztu zuen, enplegu gaietan egiten diren
aurrekontuko ahaleginez gain, “Euskadik beharrezkoa duela bultzada
berezi bat, oinarri hauetan gauzatu behar dena: euskal langileen eta
enpresen beharretara egokituriko lanbide-heziketa propioa diseinatzean;
gizartearen errealitatetik hurbileko lan-administrazioa ezartzean,
lanaren kalitateak planteatzen duen erronkari aurre egiteko tresnez horniturik,
gainera; eta babes sozialak gaur egun pairatzen duen sakabanaketa konponduko
duen Oinarrizko Errentaren sistema bidezkoago eta eraginkorragoa sortzean.
|
| |
|
| |
|
|