Prentsa-txostena
 
Bilbo, 2003ko irailaren 24a

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta azaroaren 13, 14 eta 15ean Bilbon izango den Enpleguaren Azokaren logotipo berria aurkeztu du.
AZKARRAGAK DIO LANBIDEK ISLATZEN DUELA EUSKO JAURLARITZAK ENPLEGU EGONKOR ETA KALITATEKOA SORTZEKO BIDETIK EGIN DUEN APUSTUA ETA AHALEGINA

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, Joseba Azkarragak, gaur aurkeztu ditu Bilbon Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren logotipo berria eta Enpleguaren Azokaren hurrengo edizioa; bere hitzetan, Eusko Jaurlaritzak eta bere sailak “Lanbide, funtsezko tresna berri” honen alde egin duen apustua bultzatzeko baliagarri izango dira eta, aditzera eman zuenez, “Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkor eta kalitatekoa sortzearen alde egiten duen apustuaren eta ahaleginaren adierazgarri den ezinbesteko erreferentzia bilakatuko da”.

Azkarragak aurreratu zuenez, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua izango da datorren azaroaren 13, 14 eta 15ean Bilboko Nazioarteko Erakustazokan egingo den Enpleguaren Azokaren aurtengo edizioan erreferentzia nagusia. Azokaren edizio honek, Prest – Prestakuntza eta Enpleguaren Erakusketa (1998, 1999 eta 2001) izenez egin ziren aurreko hiru edizioetan bildutako esperientzian sakondurik, helburutzat hartu du bisitari bakoitzak bere lan-egoeraren arabera hobetzeko eta aurrera egiteko gehien interesatzen zaizkion gaiak identifikatu ahal izateko bideak jartzea eta bere kontsultak eta kudeaketak zein informazio-gunetara zuzendu behar dituen jakiten laguntzea.

Azkarrak berrikuntza gisa azpimarratu zuen edizio honetan Azokan bertan curriculum vitae-ak jasoko dituzten eta langileak bildu eta hautatuko dituzten enpresak ere izango direla. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailak eta Egailan Sozietate Publikoak, lehen aldiz topaketa hau sustatu eta antolatu zutenek, alegia, edizio berri honetan Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren enplegu eta prestakuntzarako produktu eta zerbitzu guztiak, erabiltzaileari, bateraturik aurkeztu eta eskaintzen dizkion Erakustaldi-motaren aldeko apustua egin dute.

Era berean, Enpleguaren Azokak ekimen eta ideia berriak dakartzan espazioa zabaldu du, enpresari, enplegu eta prestakuntzako eragile, langabetu, jardunean dauden langile, ikasle, prestatzaile, lan-orientatzaile eta ikasleek, eta jendeak orokorrean, euren beharretarako irtenbideak aurki ditzaten, nola informazioa eta lana bilatzeko garaian edo lan-merkatuak gehien eskatzen dituen lanbide-profilak ezagutzerakoan, hala lanbiderako edo etengabeko prestakuntzaren inguruko eskaintzak; enplegurako, enpresak sortzeko eta teknologia berriak eskuratzeko laguntzen berri jakiteko premia dutenean. Parte hartzeko den espazio ireki honetan, bisitariek eta, jendeak orokorrean, zuzen-zuzenetik ezagutu ahal izango dituzte euskal Administrazioaren programa berriak eta Enplegu eta Prestakuntzarako politika-proposamenak. Azokan bertan izango dute langabeek lan-eskaintzetan izena emateko aukera; eta EAEn eskaintzen den lanerako zein etengabeko prestakuntza ere eskuragarri izateaz gain, interesgarri gertatzen zaizkien arautu gabeko prestakuntza-ekintzetara ere jo dezakete.

Aurtengo edizioa ezartzean, enplegurako ibilbidearen kontzeptuari heldu zaio. Azoka, hartara, Eusko Jaurlaritzak euskal herritarren eskueran jartzen dituen enplegu eta prestakuntzarako zerbitzu guztiak bilduko dituzten hiru eremutan banatu da. Hiru arlo horiek honakoak dira: Informazio – Orientaziokoa, Prestakuntzakoa eta Enplegu-arloa.

Sailburuak aurreratu bezala, Enpleguaren Azokaren edizio berri honetan bete nahi diren helburuak hauek dira:
   
 
• 
Lan-eskatzaileei laguntza eskaintzeko, langileen baldintzak hobetzeko eta lanpostu berrien sorpena bultzatzeko nahiz orain direnei eusteko tresna, produktu eta zerbitzu guztiak aurkeztu, horiei buruzko informazioa eman eta bisitarien eskueran jartzea.
• 
Gune irekia eta parte hartzeko bidea eskaintzen duena sortzea, azaroaren 13,14 eta 15ean Bilboko Nazioarteko Erakustazokara etorriko diren guztiek euren lan-egoera hobetzera eramango dituen kudeaketa-lana egin ahal dezaten eta etengabeko prestakuntza eta ikaskuntzako eredu berriak eskura izan ditzaten.
• 
Enpresariak eta lana eskatzen duten pertsonak harremanetan jartzea, lana aurkitzeko edo gaur egungo lan-egoera hobetzeko.
• 
Lan-merkatuaren gaur egungo egoeraren eta komunikazio eta ezagutzaren gizarte honetan izango duen bilakaeraren inguruan iritziak alderatzeko eta eztabaidatzeko aukera sortzea.
   
 
Azokarekin batera, Jardunaldi Teknikoak eta beste ekitaldi batzuk izango dira jarduera-aretoetan, enpleguaren eta prestakuntzaren munduan izandako azken berrikuntzak eta esperientziak aurkeztu eta adierazteko. Gainera, aurreko ediziotan bezalaxe, hainbat ikastegi eta ikasle izango ditugu Erakustaldien Arloan, prestakuntza-gai izan dituzten gaietako praktikak bertan egiten.

Adierazi zuenez, aurreko Prest’2001 edizioan 30.000 pertsona inguru izan ziren Azokan eta 2.000 baino gehiagok hartu zuten parte erakusketariek antolatu zituzten 40ta ekitaldietan. Edizio honetan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailak emaitza on horiek gainditzeko asmoa du.


LANBIDE, APUSTU ESTRATEGIKOA

Enpleguaren Azoka, aurtengoan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailak, 2003-2006 Enplegu Planean bildu den bezalaxe, Lanbide enplegu-zerbitzu propio gisa bultzatzeko egin duen apustu estrategikoaren barruan kokatu behar da; horixe izango da Jaurlaritzak datozen 3 urteetan enplegu gaietan aurrera eramango dituen ekintzetarako erreferentzia-esparrua.

Azkarragaren iritziz, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua sortu izana funtsezkoa da Enplegu eta Prestakuntza gaietan euskal autogobernuari behar duen bultzada emateko. “Ez bakarrik autogobernu handiagoak ongizate handiagoa dakarrelako, baita ere enplegua -kalitateko enplegua, batez ere- askoz ere hobeto sortzen delako arazoa, eta ondorioz, konponbidea, hurbiletik eta benetan ezagututa.”

Enplegu gaietan egingo dena modu integratu, pertsonalizatu eta bereizian kudeatuko duen tresna espezializatua da Lanbide. Sailburuak aditzera eman zuenez, “Estatutua abian jarri zenetik 23 urte joan direnean, 2003-2006 Enplegu Plana eta honen oinarri nagusi den Lanbide, EAEn enplegu-politikak autogobernu handiagoren ikuspegitik sakonki aztertu izanaren emaitza dira”. “Euskal Enplegu Zerbitzua ez da gure arazo guztiak konponduko dituen panazea, baina bada aintzat hartzeko eredu egokia. Eredu honek, lehen aldiz antolatzen ditu enplegu gaietako politikan ditugun baliabide guztiak eta pertsona –bezeroa-, irudi bakar eta bereizian, jarduketa guztien ardatz nagusitzat harturik bideratzen ditu.


BULTZADA BERRIA

Azkarragak salatu egin zuen “gure autogobernuaren esparru gutxiren eskumen-garapena izan dela Enplegu eta Gizarte Segurantzarena bezain itxia Estatuaren aldetik. Eta hori nabari da gure egungo errealitatean, ez lanpostuak sortzeko ahalmenean eragina duelako bakarrik, baita sortzen den enplegu hori kalitatean eta egonkortasunean oinarritzeko aukerari ere, eragiten dio.”

Edonola ere, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza saileko buruaren hitzetan, “horrek ez du esan nahi gaur egun baditugun ahalmenen barruan aurrera egin eta hobetu ezin dugunik”. Gogora ekarri zuen bere sailak, izan ere, dagoeneko ematen dituela enpresentzako diru-laguntzak mugagabeko kontratuak egiteagatik, eta laguntza horiek 2.400 eta 3.600 euro (400.000 – 600.000 pta) bitartekoak izanik, horien zenbatekoa kontratatzen den pertsonaren ezaugarrien araberakoa dela: 45 urtetik gorakoa; epe luzeko langabea; 30 urtetik beherako gaztea; emakumea; famili ardurak dituen emakumea; edo minusbaliotasuna duten pertsonak, kolektibo horiei ematen baitzaie lehentasuna joan den uztailean Gobernu Kontseiluak onetsitako Enplegu Planean. Azkarragak argitu zuenez, Programa horietan egindako gastua 890.914,94 eurokoa izan zen 2002an, eta aurreratu zuen, gainera, bere saileko apustu horretan enpresei mugagabeko kontratatuak egiteagatik laguntza emateko ildo estrategikoa ahal den neurrian indartzea aurreikusi dela.

Hala ere, sailburuak berak zehaztu zuen, enplegu gaietan egiten diren aurrekontuko ahaleginez gain, “Euskadik beharrezkoa duela bultzada berezi bat, oinarri hauetan gauzatu behar dena: euskal langileen eta enpresen beharretara egokituriko lanbide-heziketa propioa diseinatzean; gizartearen errealitatetik hurbileko lan-administrazioa ezartzean, lanaren kalitateak planteatzen duen erronkari aurre egiteko tresnez horniturik, gainera; eta babes sozialak gaur egun pairatzen duen sakabanaketa konponduko duen Oinarrizko Errentaren sistema bidezkoago eta eraginkorragoa sortzean.